AHTa Aralarren ate joka

Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) dagoeneko hasi ditu Aralarren egin behar dituen zundaketa lanak. Nafarroako zein Gipuzkoako udalek jaso dute lan hauen dokumentazioa. Garrantzitsua iruditzen zaigu hauteskundeen testuinguruan alderdi ezberdinen ikuspuntuak adieraztea.

Ministerioaren arabera Abiadura Handiko Trenak (AHTak) bi alternatiba ditu Nafarroa euskal Y-arekin lotzeko, lehena Gasteiztik igaroz izango litzateke eta bigarrenak Ezkio-Itsasoko plataforma intermodala erabiliko luke. Azken hau, aurrekoa baino hiru aldiz garestiagoa izango litzateke eta gainera Aralar zeharkatuko luke. Ibilbide honen arabera, trenbidea Lakuntza inguruan sartuko litzateke lur azpian eta Ataun alderik alde zaharkatuko luke Altzania, Motasoro eta Atxurbiren azpitik pasako litzateke, Idiazabal eta Olaberria artean irten eta Ezkio-Itsasora iristeko. Proiektuaren arabera Ataunen trenbidea bistan edukiko genuke leku batean baino gehiagotan.

EAJ-k Aralar zeharkatzea lehenetsi du, hau da, Ezkio-Itsasoko plataforma intermodala erabiltzeko proposamena Europara eraman du. Nafar Gobernuko Garraio Zuzendari den Berta Mirandak (PSN) aldiz EAJ-ren jarrera “arduragabea” salatu zuen prentsan, “gaur-gaurkoz zati hori egiteko azterketa teknikoak egiteke baitaude”. Azkenik, EH Bildu eta Podemos planteamendu honen aurka eta egungo tren azpiegiturak egokitzearen alde agertu dira hasieratik.

Europar Batasuneko Garraio Azpiegiturei buruzko Txosten Bereziak euskal Y-arekiko kontrakotasuna adierazi zuen, iraunkortasunaren aldetik gabezi handiak zituelako, gehiegizko gainkostuengatik, 30 urteko atzerapenagatik, eta parte hartze sozialik egon ez delako.

AHTaren Aralarko saihesbidea alde batera uzteko eskatzen dugu, are gehiago, AHTaren proiektua bere osotasunean bertan behera uzteko eskatzen dugu. Bizi dugun ziurgabetasun eta krisi ekosozial honen aurrean ez baita onargarria hainbesteko baliabide eta dirutza beharrezkoa ez den megaproiektu batean xahutzea. 

LANDARLAN

2023ko maiatza