Mendia "zikina"? Bai zera!

Klima aldaketaren ondorioz, iazko uda azken urteetako lehorrenetarikoa izan omen zen eta, antza, etorriko diren freskoenetariko bat izango da. Gauza jakina da lehorteekin suteen arriskuak biderkatzen direla eta mendia, behin sua hartuta, askoz zailagoa izaten dela itzaltzea. Era berean, oso zabalduta dago basoa eta mendia «zikina» eta «abandonatua» egoteak errazten duela sua agertzearen ustea. Baina, hori horrela al da?


Ezer baino lehen, argitu dezagun zer den jende askorentzat mendia «zikina» egotea. Antza, «zikintzat» sasiak, sastrakak, eroritako egurra edota orbela jotzen ditugu. Horren zabalduta dagoen sinesmenaren kontra, materia horrek guztiak suteak ez zabaltzen laguntzen du: Hezetasuna mantenduta, suak kostata lortzen du baso eremu horiek erretzea. Oso bestelako errealitateak ikusten ditugu suak «garbitutako» pinudiak edo eukalipto landaketak harrapatzen dituenean.


Hori guztia gutxi balitz, ezin dugu ahaztu sasiak basoaren lehenengo urratsa direla. Zikintzat hartzen dena lurzoruarentzat materia organiko ugari eta aberasgarria da, bizitza askoren iturburua. Sastrakek, eta beraien atzetik datozen zuhaitzek, itzala sortzen dute, higadurari eta, beraz, lur galerari aurre egiten diote eta animalien babeslekua eta elikadura iturria ere badira. Esan gabe doa abeltzaintzarentzat ere oso interesgarria dela: sasiek, eroritako egurrak edota orbelak lurra ongarritzen dute eta elikagaiak lurrean hobe txertatzen dituzte, larreak berdeagoak eta aberatsagoak bilakatuz. Horrela, ardiek, behiek edota behorrek bazka hobea eta ugariagoa topatuko dute.


Klima larrialdia gainean dugun honetan, gure esku dago bere ondorioak gutxitzea eta arintzea. Gauza jakina da neurri horietariko bat bertako basoak berreskuratzea eta zabaltzea dela. Adibidez, ganaduak erabiltzen ez duen eremuetan bertako baso mistoa osatzen duten arbolak landatuz. Edo, baita ere, eremu horietan natura bakean utziz bere bidea egin dezan eta inongo helburu positiborik lortzen ez duten mendiak «garbitzeko» suak saihestuz. Azken finean, ez dezagun ahaztu, mendian agertzen diren suteen %90 inguru gizakiak, nahita edo nahi gabe, sortuak izaten dira.

LANDARLAN ELKARTEA

2023ko ekaina

Behean pagadia eta pinudia sutearen aurrean