ARALARREN ALDE, ERASORIK EZ!!!
Atzo, osteguna, irailaren 5ean Zaldibiako Plazan izandako elkarretaratzean, 150 lagun inguru elkartu dira, Aralar Bizirik eta Landarlaneko kideekin batera, Zaldibiako herritarrak eta alkatea, zein Enirio-Aralar Mankomunitateko udaletako hainbat alkate, zinegotzi eta herritarrak. Horiez gain, Naturkoneko ordezkariak (Guipuzkoako talde ekologista eta kontserbazionisten koordinakundea) eta Ahal Dugu eta EH Bilduko alderdi politikoetako ordezkariak izan dira baita. Elkarretaratzean testua irakurtzeaz gain, "Aralar, Munduan leku den lurra" dokumentalaren musika entzun da.
Elkarretaratzearen testua:
Gaur, irailak 5, Zaldibiako plazan elkartu gara herritar nahiz erakunde ezberdinetako ordezkariak, abuztuaren 22an Aralar Bizirik plataforma eta Landarlan ingurumen Elkarteko gure kide batek jasandako erasoaren harira. Pertsona honen ibilgailua Errekabeltzeko langan aparkatua zegoen, Enirio-Aralar mankomunitateko lurretan, Aralar Natur Parkearen baitan. Aipatu behar da, erabiltzaile orok dugula pistaren puntu horretaraino ibilgailuz joateko aukera. Ibilgailuaren bila joan zenean, gauez, osasun larrialdi bat tarteko, lau gurpiletako balbulak moztuta eta gurpilak hustuta aurkitu zituen; zorionez, bertan topatu zituen artzain batek eraman zituen Beasaingo larrialdi zerbitzuetara.
Lehendabizi erasoa jasandako kideari eta bere familiari gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu. Edozein eratako erasoak erabat onartezinak dira. Ez du axola zein den pertsona, ezta arrazoia ere. Horrelako jarrerek ezin dute lekurik izan gure jendartean. Horregatik, denok, erakundeetako ordezkari nahiz herritar xume, aho batez gaitzetsi behar ditugu horrelako jokabideak. Hori aldarrikatzeko gaude hemen.
Gure kidea Aralar eta orohar Euskal Herriko natur kontserbazioaren alde aktiboki aritu da azken urteetan, Aralar Bizirik plataforman eta Landarlan ingurumen elkartean. Bide horretan, "Aralar, mundua leku den lurra" dokumentalaren zuzendaritza eta zabalkunde lanetan ere aritu da.Jakina da eraso hori ez dela gatazka pertsonal baten ondorioa izan, pertsona honek Aralarko ondare naturalaren kontserbazioarekiko duen konpromisoa eta pista berriak eraikitzearen aurkako posizionamendu publikoarengatik baizik. Gainera, Zaldibiako udalak bere oharrean ondo adierazi duen moduan, arrazoi berdinak tarteko, pertsona honen familiak ere aurrez eraso larriak jasan ditu. Beraz, tamalez, ez da lehenengo aldia, 2016an pisten eraikuntza abiatu zenetik Aralarren eta inguruan erasoak eta mehatxuak izan direla. Ez dugu zalantzan jartzen horrelako jokabideak gutxiengo baten kontua direla, baina era berean, oso deigarria egiten zaigu pertsona horiek duten inpunitatea eta babesa.
Honengatik guztiagatik, ezinbestekotzat jotzen dugu erakundeek, alderdi politiko orok nahiz sindikatuek eraso hori gaitzestea. Mugimendu ekologistak eta kontserbazionistak interes orokorraren alde egiten dute eta beraz, jendarte demokratiko batean beharrezkoak dira. Gainera, Aralarko testuinguruan lanean diharduten eragileek beti defendatu dute elkarrizketa eta errespetuan oinarritutako eztabaida kolektiboa. Iruditzen zaigu hori dela konponbideak lortzeko bidea eta horretan jarraituko dugu.
ARALAR BIZIRIK ETA LANDARLAN ELKARTEA
2024ko iraila
 Zaldibiako enparantzako elkarretaratze argazkiak