Natura ikasgelarik onena


Dagoeneko lau urte pasa dira Landarlan ingurumen elkarteko kideok Naturan Hezten proiektuari forma ematen hasi ginenetik. Helburua garbi izan dugu lehen egunetik: haur eta gazteek eskola orduetan nahiz aisialdian natur eremuan denbora gehiago igarotzea. Basoa, larrea, hondartza edo lorategia bezalako eremuak leku ezin hobeak dira ingurumena behatu, ulertu eta babesten ikasteko. 


Esan beharrik ez dago krisi ekosozial sakon batek baldintzatutako testuinguru konplexu batean gaudela. Baina jabetu behar dugu, kutsadura, klimaren bilakaerak eragindako muturreko egoeren gorakada eta baliabide ezberdinen urritzeak jatorri berbera dutela: kultura kapitalistak eragindako kontsumo neurrigabea. Naturarekin orekan bizitzeari aspaldi egin genion uko eta gure ustetan galdutako lotura hori berreskuratzeko funtsezko tresna da hezkuntza. 


Gezurra badirudi ere, natura gabeziaren gaitza geroz eta ohikoagoa da gazteen artean. Gure inguruan uste baino gehiago dira astean zehar ingurune natural batean denborarik igarotzen ez duten gaztetxoak, are gehiago hiriburuetara jotzen badugu. Gure espezieak milaka urte daramatza naturarekin harreman estua mantentzen baina azken urteetan naturaren parte izateari utzi diogula dirudi. Naturan denbora gehiago pasatzeak, haur eta gazteen osasun fisiko eta mentala hobetzeaz gain, hauen garapen kognitibo eta emozionalari mesede egiten diotela frogatzen duten ikerketa ugari daude. Edukiak eta kontzeptuak hobeto barneratzeaz gain, bizitzarako oinarrizkoak diren hainbat trebetasun garatzeko aukera ere eskaintzen die, baita jarrera enpatiko eta solidarioagoak garatzen ere.


Ikasleek naturan denbora pasaz eta esperientzia pertsonalen bidez ikasiz, lotura afektibo bat garatzen dute ingurune naturalarekiko. Behin eta berriz bisitatu, ezagutu eta disfrutatutako leku eta elementu horiek “gure” egiten ditugu, batzuek duten jabetzaren esan nahietik urrunduz, natura gure identitate eta izanaren oinarrian kokatzea dakar. Eta horren ondorioz, lotura horrek tiraka dakartza hain beharrezkoak ditugun ingurunearekiko begirunea eta babesa.  Horrexegatik diogu: “Ezagutuz maitatu, maitatuz babestu”.


Era berean, uste dugu ikasketa prozesuak ikaslearen jarrera aktiboa eta talde lana sustatzeaz gain, ikasgai ezberdinen arteko zeharkako lanketa funtsezkoa dela. Finean, hezkuntza prozesuak ikasleei bizitza errealean moldatzeko eta beren bidea egiteko trebetasunak lortzen lagundu behar die. Horregatik, ikasketa prozesuetan iritzi kritikoa landu eta garatzea funtsezkoa da.


Ingurune naturalari ezezik, ingurune kulturalari ere berebiziko garrantzia ematen diogu. Egia da, sareetan askotariko baliabideak aurki daitezkeela, baina orokorrean zaila suertatzen da euskaraz dagoen materiala lortzea. Gabezia horri aurre egiteko, Naturan Hezten webguneak euskarazko baliabide didaktikoak eskaintzen ditu.


www.naturanhezten.eus


Naturan Hezten Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo edota Lanbide Heziketara arteko haur eta gazteentzako baliabideak eskeintzen dituen ataria da. Bertan aurkituko ditugun baliabideen artean honakoak ditugu:


Garrantzi berezia eman diogu diseinuari, eta zentzu honetan Arkaitz Barriola eta Iban Toledoren lana goraipatu beharrean gaude.


Adin ezberdineko haurrekin eskarmentu handia duten hezitzaile eta didaktikarien laguntza izan dugu prozesu guztian zehar eta gai asko landu ditugu: Ura, basoa, baratza, kontsumoa, landa eremua, fauna, flora, agroekologia, erlezaintza, paisaia eta beste asko.


Proiektua ez da gaurko aurkezpenean amaitzen, Landarlanek Naturan Hezten ataria elikatzen jarraitzeko konpromezua hartu du. Webgunea osatuta utzi dugulakoan gaude, baina urtetik urtera edukiz aberasten joango gara. 


Irakasleei, gurasoei zein aisialdiko begiraleei naturan hezteko deia egiten diegu. Irten kanpora!; jolas librea egin dezagun!; behatu dezagun ingurunea!; izan kritiko inguratzen gaituenarekin! Gaurko haur eta gazteak ingurumena ezagutuz hezten baditugu etorkizunari itxaropenez begiratuko diogu.


 



LANDARLAN ELKARTEA

2023ko urria