Aralar Natur Parkeko kontserbazioaren alde, Ausa Gazteluko Pista sareari ez!

Hemen bildu gara Aralar Natur Parkeko Larraitzko sarreran Aralar Bizirik plataforma eta Naturkon, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten ordezkariak gizarteari jakinarazteko, berriro Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza nagusiak, Aralarren, Abaltzisketako lurretan, Ausa Gaztelu mendiaren magalean, 9 km-ko pista sarea eraiki nahi duela.

Horren aurrean, beste behin, gure harridura eta haserrea adierazi nahi ditugu, nolatan natur parkeen kontserbazioaren ardura duen erakundea, natur kontserbazioaren aurka ari den etengabe: kontrolik gabeko desbrozeak, Arastortzeko sutean baliabide nahikorik ez eta ekosistemari egindako kalteak kontuan izan gabe, faunarentzat kaltegarria den Arkaka txikiko kanala, eta berriro ere, babes eremuan pista berriak proiektatuz...

Pista sarearen % 90a Natur parkeko babes barrutian dago eta bere legediaren arabera:

- Pistetatik kanpo, berez ibiltzen den makineria astunarekin lan egitea debekatzen da.

-Lurzorua eraldatu dezaketen lan guztiak debekatzen dira, aldaketa zuloak egiteko eta sarbideak iraunarazteko lanak salbu.

-Egur materialak menditik ateratzeko, kablea edo lurzoruarentzat inpakturik ez duen antzeko erabideren bat erabiltzea ezinbestekoa izango da. Eta zera eransten dugu, gaur egun hori egingarria da, beste leku batzuetan egiten ari den bezala.

Pista sare horren helburua Abaltzisketako Egido mendi publikoko izei eta pago landaketa eremuetan baso lanak egitea da. Orain 40 urte landatu ziren zuhaitz horiek eta ez ziren behar izan, orain dauden baino pista gehiago. Gainera pista sarea justifikatzeko esaten da abeltzainek ezin dituztela Txindoki eta Ausa Gaztelurako oinezko bideak erabili, mendizale asko eta txakur solteak dabiltzalako. Baieztapen horrekin, mendizale eta abeltzainen artean izandako bizikidetza ona gutxiesten da, eta guztiona den mendian, elkarbizitza ezinbestekoa da. Txakur solteen aurrean, neurriak hartzea erakundeei dagokie. Bestalde pista-sarearen helburua zuhaiztiak badira, zertara dator txakur eta oinezkoen kontu hau? Zuhaiztiak ez ote dira aitzakia, ganaduzaleentzat pistak irekitzeko?

Arrazoiak bistakoak edo ezkutukoak izan, pistek sekulako eragina izango dute mendian:

- Lurzoruaren higadura gehiago, eremu horretako %12a gutxienez galduz

- Eremu horretako lur azpia komunikatuta dago Zaldibiako Osinbeltz iturburuarekin eta pista proiektuak kutsadura areagotzea ekar dezake zaldibitarrentzako ur edangarrian.

- Faunari buruz, ez da kontuan izan galtzeko arriskuan dagoen baso xaguzarra.

Aurrekariek eta gaur egungo ekintzek erakusten digute, pisten erabilera oso desegokia dela eta gehiegizkoa eta erakundeen aldetik kontrolik gabea. Merezi du honek guztiak zuhaizti bat kudeatzeko?

Zuhaiztiari dagokionez, lotsagarria da ingurumen eraginen txostena egin duen EKOS enpresak Txindoki eta Ausa Gaztelu iparraldeko magaletako basoak, "masa hetereogenea eta zaharkitutzat" hartzen dituela, Aralarko baliabideen planean balio ekologiko handiko ekosistematzat hartzen direnean. Zertan oinarritu da enpresa hau halako kontsiderazioak egiteko?

Aldundiak dokumentazioa jendaurrean gazteleraz bakarrik jarri duenez eta epea opor hilabetean bukatuz, abuztuan, epea geldiarazteko eskatu da, dokumentazioa euskaratu arte eta abuztua ez kontatzeko eskatuz, baina ez da erantzunik jaso. Horrezaz gain, aldunditik proiektu hau ezkutatzeko asmoa nabarmentzen dugu, Gipuzkoako boletinean argitaratu ez dutelako.

Beste astakeria baten aurrean gaude eta horregatik, Aralar mendiarekin lotura duten elkarte ezberdinei : ekologista, mendizale, espeleologo, zientzialari, arkeologo, geologo, argazkilari, kirolari... edota besterik gabe, Aralar babestu nahi dutenei eskatzen diegu, aurki publiko egingo dugun balorazio negatiboa bidaltzeko Gipuzkoako Foru Aldundira, ingurumen txostena ontzat ez emateko eskatuz, abuztuaren 7a baino lehen, Aldundiak ikus dezan Gipuzkoarrok Aralarko parke naturala kontserbatu nahi dugula.

Era berean, jakinarazten dugu irailaren 18an mendi ibilaldia antolatuko dugula bai Gazteluko eremu horretara zein Saltarrira, beste pista eraman nahi duten lekura eta Alotzara, azken honetako natur kontserbaziorako lanak ikusteko.

ARALAR BIZIRIK eta NATURKON

2022ko uztailaren 19an